XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erdi Aroko artisautzak energia hidraulikoa zein neurritan erabiltzen zuen ulertzeko, hona hemen datu adierazgarri bat:

Ingalaterran XI. mendean 5.624 errota zeuden, bat 50 etxeko.

Hala ere, energia hidraulikoa ezin zen beti erabili.

Leku askotan errekak agortu egiten ziren udan eta izoztu neguan.

Horregatik, XII. mendetik aurrera, beste energi iturri batzuk bilatzen eta erabiltzen hasi ziren.

Hauen artean, zaldiz mugitzen ziren antzinako noriak, mareen bidez mugitzen ziren errotak eta, batez ere, haize-errotak.

Hurrengo mendeetan ez zen aldakuntza aipagarririk ezagutu, harik eta XVII. mendearen bukaeran lurrin-makina azaldu zen arte.

Honek berebiziko aldaketak eragin zituen produkzioan eta XVIII. mendean zehar garapen azkarra izan zuen, meatzetan, burnigintzan, ohialgintzan, garraioetan eta ia arlo guztietan aplikatu zelarik.

Iraultza Industrialaren oinarrietako bat izan zen.

Hau da Euskal Herrian zabaldu zen lehen gasolindegia.

Galdakaon ireki zen, 1931. urtean.

Geroztik, XIX. eta XX. mendeetan aurkikuntzak eta aldaketak bata bestearen atzetik etorri dira.

Hala, petrolioa erabiltzen hasi zenean, horrekin batera barne-errekuntzako motoreak aurkitu ziren (erregai fosilen energia lurrin-motoreak baino hobeto erabiltzen dutenak); eta geroago hain eztabaidatua den energia nuklearra aurkitu zen.

Etorkizunari begira gizateriak desafio eta erantzukizun latza du; izan ere, egunetik egunera handitzen doazen energi beharrentzat irteera eta erantzun egokiak bilatu beharko bait ditu, eta irteera garbiak izan beharko dute gainera, natura errespetatu eta ingurunea hondatuko ez dutenak.

Argi dago petrolioa ez dela betiko, bukatu egingo da noizbait, eta bukatzen denerako beste energi iturri batzu prest eduki beharko ditugu.